Tortura metodoen definizio eta deskribapena
Honela dio NBEren Torturaren eta Beste Tratu edo Zigor Basati, Doilorgarri edo Ankerren kontrako hitzarmenak: "Hitzarmen honen ondorioetarako, "Tortura" hitzaz izendatuko dugu pertsona bati min edo sufrimendu larria, fisiko zein psikikoa, hari edo besteri buruzko informazioa edo aitorpena lortzeko, egin duen zerbaitegatik zigortzeko edo bera edo beste batzuk beldurtzeko edo hertsatzeko helburuz edo edozein eratako diskriminazioan oinarrituriko edozein arrazoigatik egiten zaion ekintza, sufrimendu hori funtzionario publikoak edo funtzio publikoen jardueran diharduenak egina denean, bere kabuz, edo bere onespenaz edo baimenaz. Ez dira torturatzat hartuko zigor zilegien ondoriozko minak edo sufrimenduak, edo zigor horiei atxikitakoak edo loturikoak direnean.
Unibertsalki onartuta dagoen definizio horretan oinarriturik, bada, torturaz mintzo garenean funtzionario publikoak edo funtzio publikoen jardunean ari denak pertsona bati eragiten dizkion sufrimendu larriez, sufrimendu fisiko zein psikologiko larriez, ari gara.
Atxilotu eta inkomunikazioa ezartzen dieten euskal herritarren kontra erabiltzen diren tortura metodoak aldez aurretik finkaturiko helburu batzuk lortzeko zientifikoki aztertuak izan dira. Torturaren esperientziak norberaren identitatea zalantzan jartzeko prozesuak dira. Urteetan zehar aldatu egin dira tortura metodoak. Gaur egun modu sofistikatuagoak erabiltzen dituzte, atxilotuaren gorputzean mediku azterketetan ikusteko moduko markarik ez uzteko. Hori dela-eta, teknika psikologiko deritzenak erabiltzen dira.
Tortura metodoen baitan metodo fisikoak eta metodo psikologikoak bereizi izan dira, oro har. Metodo fisikoak erasanez edo sufrimendu fisikoa eraginez egiten direnak dira. Metodo psikologikoak, berriz, eraso fisikorik izan ez arren, pertsonaren egoera psikologikoan gorabehera eragiten dutenak dira. Hala ere, kontuan hartu beharra dago sufrimendu fisiko orok sufrimendu psikologikoa ere badakarrela, tortura metodo asko konbinatuak direla, eta, gainera, pertsona batekin aldi berean zenbait teknika erabili ohi direla batera. Honako metodo hauek dira bereziki nabarmentzekoak:
- 1. KOLPEAK: Atxilotuek gehien salatzen duten erasoa da. Atxilotuek, oro har, salatzen dutenez, kolpeak orokorrak dira, eskuekin, ukabilekin edo hainbat objekturekin jotzen diete; adibidez, egunkari bilduekin, telefono listinekin, periodiko paperez edo zinta bakartzailez estalitako makilekin... Kolpeak gorputzeko toki sentiberetan izaten dira; adibidez, buruan, sabelean, hanketan, besoetan... Atxilotua zuzenean kolpatzen dute batzuetan, eta, beste batzuetan, berriz, mantez eta abarrez estaltzen dute kolpatuko duten gorputz atala, hori guztia atxilotuaren gorputzean arrastorik ez uztearren.
- 2. AKIDU FISIKOA: Atxilotuari akidura fisikoa eragitea gero eta gehiago erabiltzen den tortura metodo bat da, batez ere, atxilotua hainbat orduz, hainbat egunez ere, zutik egonaraziz; eta, aurten ikusi dugunez, gero eta gehiago behartzen dituzte jarrera bitxietan denbora asko igarotzera ere, batez ere Ertzaintzak. Atxilotuari ariketa fisikoak eginaraziz ere eragiten zaio akidura, flexioak, abdominalak eta abar egitera behartuz alegia.
- 3. POLTSA: Teknika honen bidez atxilotuari arnasarik hartzen ez diote uzten denbora jakin batez, atxilotuak konortea galtzeraino, batzuetan Hain zuzen ere, atxilotuari poltsa bat ezartzen diote buruan eta lepoan estutzen diote, eta asfixia eragiten diote horrela. Atxilotu batzuek helarazi dizkiguten lekukotasunen arabera, asfixiaren unean heriotzaren sentipena izaten dute, eta txiza eta kaka ere irten izan zaizkie.
- 4. BAINUONTZIA: Hau ere asfixiako teknika bat da; azkenaldian erabiltzen zen tortura metodo bat, baina aurten bi aldiz agertu dena. Atxilotuetako batek kontatu du urez beteriko balde batean sartzen ziotela burua eta konortea erdi galdurik uzten zutela, lurrean botata. Beste atxilotu batek adierazi du burua komuneko zuloan sartu eta bonbari tira egiten ziotela.
- 5. ELEKTRODOAK: Tortura metodo hau atxilotuaren gorputzeko zenbait tokitan deskarga elektrikoak aplikatzean datza. Gune sentikorretan ezartzen dituzte, batez ere; adibidez, alboetan, belarrietan, genitaletan, ukabiletan, oinetan, bularretan...
- 6. IKUSMENA ERAGOZTEA: Polizia talde guztiek gero eta sarriago erabiltzen dute tortura metodo hau, hau da, atxilotuari ikusten ez uztea, segurtasun eza eragin eta orientazioa galarazteko. Ikusmena eragozteko antifazak edo burukoak (Guardia Zibilak atxilotutakoen kasuan, batez ere) jarri ohi dizkiote atxilotuari, edo burua makurtu eta begiak itxita edukitzera behartzen dute bestela.
- 7. MEHATXUAK, OIHUAK, UMILIAZIOAK: Atxilotu askok esaten dute berekin atxilotutako lagunen oihuak edo familiarteko edo adiskideen oihuak entzun dituztela; galdeketan norbait atxilotu, torturatu, bortxatu edo hilko zuten mehatxua egin ondoren, haren oihuak entzuten dituztela, alegia. Oro har, mehatxuak atxilotuaren beraren kontrakoak izaten dira (hainbat tortura metodo erabiltzekoa, heriotza mehatxuak...), edo atxilotuak maite dituenen kontrakoak.
- 8. SEXU ERASOA: Aurten atxilotuen lekukotasunek utzi dizkiguten kontakizunetan egiaztatu dugunez, nabarmen egin du gora atxilotuen kontrako sexu eraso eta umiliazioen kopuruak, bai emakumeen artean bai gizonen artean. Orokorra da atxilotuari biluzteko agintzea, guztiz edo parte batean, eta jarrera iraingarrietan egotera behartzea, batzuetan; orduan agertzen dira sexuarekin zerikusia duten mehatxuak eta sexu eraso edo umiliazioak: hitzezkoak (mehatxuak, irainak, bortxatzeko mehatxuak), sexu organoen kontra bortxa (kolpeak emanez edo elektrodoak jarriz), biluzik egotera behartzea, ukitzea, atxilotuaren gorputzaren kontra mugimendu likitsak egitea, eta, aurten, baita bortxaketaren bidez ere, Guardia Zibilaren kasuan, gizonei makila uzkitik sartuz, eta, emakumezko baten kasuan, berari torturatzaile baten zakila iruditu zitzaiona ahoan sartuz.
- 9. EXEKUZIO ITXURATUA: Atxilotuta egon diren askok esaten dute hiltzeko mehatxua egin dietela, bai polizia-egoitzetan bai haietarako bidean. Kontakizunetan ikus daitekeenez, hilketa itxuratu horretan, askotan arma bat jartzen diete buruan, aurpegian, etab. eta katua sakatzen dute. Beste batzuek kontatu dutenez, polizia-egoitzetarako bidean agenteek autoa gelditu eta ateratzeko agindu zieten, eta agenteek korrika ihes egiteko tarte bat emango zietela esaten zieten, etengabe gogora ekarriz mendian hilda aurkitutako euskal herritarren kasuak.
- 10. POLIZIA ZINTZOA, POLIZIA GAIZTOA: Polizia talde guztiek sarri erabiltzen duten teknika bat da hau; atxilotuaren erabateko orientazio galera eragitea du helburu, izugarrizko basakeria jasaten duen egoera batetik beste agente "adeitsuago" batekin sasi-lasaitasunezko egoera batera aldatuz.
- 11. GALDEKETA ETENGABEAK: Atxilotuek kontatzen dute etengabe galdekatzen dituztela, atseden hartzeko eta lorik egiteko ia denborarik uzten ez dietela.
- 12. ATXILOTUTA DAUDEN BESTE KIDE BATZUEN EDO SENITARTEKO EDO LAGUNEN OIHUAK ENTZUTERA BEHARTZEA: Lekukotasun batean baino gehiagotan aurkitu dugu atxilotuta egon direnek inkomunikatuta egondako beste batzuen min eta sufrimenduzko oihuak entzun dituztela. Eta Ertzaintzak atxilotutakoei dagokionez, senitartekoen eta lagunen ahotsak entzuten zituztela kontatu digute, haiek ere komisarian baleude bezala.
|
|