Goardia Zibilak erabilitako tortura metodoak
Polizia talde hau atxiloketa kopuruan nabarmendu da 2002. urtean. Atxilotu, inkomunikatu eta torturatu dituztenen kopurua da nabarmentzekoa, beraz, baina baita haiei eman dieten tratu psikologiko zein fisiko basatia ere. Ikerketa honetarako 14 emakumeren kontakizuna bildu dugu, eta 45 gizonezkoena.
Polizia talde honek atxilotutako guztiek diote polizia-egoitzan egondako
denbora guztian oihuak entzun dituztela, etengabe eta,
kasu batean baino gehiagotan ikus daitekeenez, agente batek baino gehiagok
oihu egiten zutela aldi berean.
Ikusmena eragoztea kasu guztietan gertatu da, atxilotuari
burukoa edo antifaza jarriz, edo begiak itxita eta burua lurrera begira
makurtuta edukitzera behartuz. Oro har, atxilotua autoan sartzen duten
unean bertan hasten dira ikusmena eragozten, eta inkomunikazioak irauten
duen denbora guztian luzatzen da.
Guztiek esan dute, halaber, etengabe mehatxatzen zituztela.
Mehatxuen artean nabarmentzekoak dira atxilotuak maite dituenen kontrakoak
(senitartekoak, lagunak, bikote kidea, haiek atxilotzeko edota torturatzeko
mehatxuak, heriotza mehatxuak...) eta atxilotuaren beraren kontrakoak: heriotza
mehatxuak eta mendira eramatekoak, bortxaketarenak, beste era bateko tortura
gogorragoak egitekoarena (poltsa, bainuontzia, elektrodoak, "intentsitate
handiagoko tortura faseetara igarotzea"...), espetxean sartzekoak, bere
aztarnak utziko dituela esanez pistola bat hartzera behartzea, semearekin
(haren zaintza kenduko diotela...).
Era berean, kontatu digute kolpeak ematen dizkietela.
Kolpeak buruan, eskuekin edo hainbat objekturekin (telefono listinak,
egunkari bilduak, materialen batez estalitako makilak, kolpatzen ari ziren
gorputz atala manta batez estalita, batzuetan), zaplaztekoak, kolpeak
sabelean, ostikadak sabelean, saihetsetan, buruan, iletik tiratzea, paretaren
kontrako bultzakadak, kolpeak pubisean... Askok esan digunez, konortea galduta
lurrera erori arte jo zieten, eta lurrean zirela ere jarraitzen zuten
kolpeka.
Nabarmentzekoa da atxilotutako guztiek esan dutela era guztietako sexu
irainak jasan dituztela, bai hitzezkoak, bai fisikoak. Bederatzi
emakumek kontatu dute polizia-egoitzan biluztu egin zituztela, eta biluzik
zeudela, era guztietako irainak egin dizkietela: ukitu; bortxatuko zituzten
mehatxua egin (guardi zibilek berek bortxatuko zituztela edo edonolako
gauzak erabiliz, makilak, porrak, bibradoreak... bortxatuko zituztela esanez);
haurdun uzteko mehatxua egin -edo, alderantziz, antzu uztekoa-; bortxaketa
itxuratuak, beren kontra mugimendu lizunak egiten zituzten bitartean,
edo zerbaitekin gorputza igurtziz; genitaletan elektrodoak jartzeko mehatxua;
torturatzaileen aurrean bere gorputza ukitzera behartzea; guardia zibilei
genitalak ukitzera behartzea; titiburuetan aliketa batzuk ezarri eta birarazi...
Eta emakume batek kontatu digu lurrean etzanda zegoela, begiak estalita,
bere ustez guardia zibilen baten zakila zena sartu ziotela ahoan. Hitzez
hainbat mehatxu, irain, umiliazio egin dizkiete: HIESA kutsatzeko edo
haurdun uzteko mehatxua; hilekoarekin egon eta tanpoiak irekita eman,
edo aplikagailurik gabe; "berotu" egiten zituztela esan; beren gorputzarengatik
iseka egin, "gizena, itsusia, nazka ematen didazulako ez zaitut bortxatuko..."
etab. Gizonei dagokienez, sexu irainak etengabeak eta askotarikoak izan
dira; gehienak behartu dituzte biluztera galdeketa gehienetan, etengabe
ukitu dituzte hainbat objekturekin (makilak, aulkiren baten hankak...),
bortxatzeko mehatxuak egin dizkiete, eta zazpi atxiloturen kasuan, bete
ere egin zuten mehatxu hori, uzkitik makila sartuz edo, kasu batean, torturatzaile
baten behatza sartuz.
Atxilotuen akidura fisikoa lortzeko, kasu askotan hainbat
orduz, baita egunez ere, paretaren kontra zutik egotera behar dituzte,
esertzen, etzaten, lokartzen utzi gabe, eta burua makurtuta, bai galdeketetan
bai ziegetan egiten zuten denboran. Halaber esan digute akitu arte flexioak
egitera behartu dituztela, hanketako flexioak, kasu batzuetan eskuak altxatuta,
abdominalak, etab.
Kasu askotan agertzen da asfixia, buruan poltsa bat jarriz
eragina, jarrera askotan: batzuetan zutik, besteetan aulkian eseri eta
besoak aulkiari lotuta. Beste batzuetan, gorputza manta batez estaltzen
zieten, lurrera botatzen zituzten, eta, guardia zibil batzuek eusten zieten
bitartean, beste batzuek poltsa jartzen zieten buruan eta estutu egiten
zuen, itolarria eraginez, buruz behera zeudela ia beti. Beste kasu batzuetan,
goma-aparrezko koltxoi batean etzanarazi eta gero beste koltxoi moduko
batekin estaltzen zituzten, eta guardia zibil batzuk gainean jartzen zitzaizkien,
beste batzuek poltsa egiten zieten bitartean. Askok kontatu dute konortea
ere galdu zutela, eta kaka edota txiza ere irten zitzaiela, eta inkomunikazioak
iraun zuen denbora guztian arropa zikin berarekin egotera behartu zituztela.
Bi atxilotuk esan digute (gizon batek eta emakume batek) bainuontzi
izenez ezagutzen den metodoarekin eragin zietela itolarria, Intxaurrondoko
kuartelean; bati urez betetako baldeetan sartu zioten burua, eta besteari,
berriz, komuneko zuloan, bonbatik tira egiten zuten bitartean.
Zenbait gorputz ataletan elektrodoak jarri dizkieten
atxilotuak ere izan dira. Biluzik zeudela eta ur hotzez busti ondoren
aplikatu dizkiete, gorputzeko zenbait gune sentiberetan, adibidez, ipurdian,
beso eta belarrietan, zakilean, titiburuetan. Eta atxilotutako gehienek
esan dute elektrodoak jartzeko mehatxua egin zietela eta, kasu batzuetan,
elektrodoak jartzeko itxura ere egin dutela, gorputza busti eta eskuez
kable batzuk heltzera behartuz edo oinetan kable batzuk lotuz.
Exekuzio itxuratuak ere egin dizkiete. Kasu batzuetan,
pistola buruan edo aurpegian jartzen zieten eta katua sakatzen zuten;
beste batzuetan mendira zihoazela zela esaten zieten, eta autoa gelditu
eta autotik jaistera behartzen zituzten, esanez lasterka ihes egiteko
tarte bat zutela.
Bikote bateko bi kideak atxilotu izan dituztenean, etengabekoak izan dira bikotekideari buruzko mehatxuak, haien oihuak entzutera behartu dituzte eta xantaia egin diete.
Bat-bateko tenperatura aldaketa handiak; arropa kendu
eta leiho ireki baten ondoan jarri, gorputzean ur hotza bota...
Bestalde, galdeketetan polizia zintzoarena eta gaiztoarena
egiten zuten agenteak egoten ziren.
Kasu batean baino gehiagotan kontatu dute polizia-egoitzan haluzinazioak
izan zituztela ere, gauza arraroak ikusten zituztela: paretatik irteten
ziren figurak, zomorroak...
|
|