Polizia espainolaren tortura metodoak
Polizia talde honek egindako atxiloketen kopurua ez da Euskal Herrian diharduten gainerako taldeek egindakoena bezain handia; polizia talde honek atxilotu, inkomunikatu eta torturatutako pertsonen 20 lekukotasun ditugu.
Polizia Nazionalak atxilotutako gehienen emandako datuen arabera, tratu txar psikologikoak eta metodo fisikoak erabili dituzte poliziek beren kontra.
Gehien erabiltzen duten tortura metodoak oihuak, hasieratik
bertatik eta etengabe, eta mehatxuak dira, tortura metodo gogorragoak
aplikatzeko mehatxuak, adibidez elektrodoak, poltsa aplikatzeko mehatxuak,
senitarteko eta lagunei buruzkoak (haiek atxilotzea, bizitza hondatzea...),
espetxeratze, heriotza eta bortxaketa mehatxuak...
Hasieratik bertatik ikusmena eragozten diete atxilotuei,
bai burua makurtuta eta begiak itxita egotera behartuz, edo baita buruan
arroparen batez edo burukoez estaliz.
Galdeketak etengabeak dira, eta horietan egonarazten
dituzten jarrerekin akidura fisikoa bilatzen dute; hainbat orduz egonarazi
diete (ziegan dauden bitartean) zutik, kokoriko edo gorputz osoa behatz
erakusleen gainean bermatuta.
Etengabe jotzen dizkiete kolpeak, buruan, eskuekin edo
hainbat objekturekin -listin eta egunkari bilduekin esaterako-; iletik
tiratzen diete; bultzakadak ematen; eskua hanpatuta belarrietan jotzen;
kolpeak ematen dizkiete lepoan, genitaletan, giltzurrinetan, sabelean;
ostikadak oinetan, bernazakietan. Atxilotu bat gorputzaren erdia zintzilik
mahaitik duela etzatera behartzen dute, kamiseta buruan jartzen diote,
asfixia eraginez, eta barrabiletan jotzen diote.
Era berean, atxilotuek salatu dute etengabeko galdeketen eta ziegen artean
tenperatura aldaketak jasan dituztela, hotzetik berora;eta
lokartzea galarazi dietela, ziegako argia piztuta zegoelako
etengabe.
Sexu umiliazioak ere jasan dituzte, adibidez biluzik
egotera behartu eta bortxatuko zituzten mehatxua ("uzkiko urradura eragingo
dizugu").
Exekuzio itxuratuak egin dizkietela ere esan dute.
|
|